XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kanpotik sartzen den argiak urre egiten dio ilea Adelari.

Diskoen artetik bat hautatu eta orratzaren azpira dakar.

Ipurdi-masailak pantorrila bilakatzen hasten direneko marra ikustezin horretaraino luze alkandora, tresna abiarazteko keinuan apur bat gorago egin zaio eta, haren azpiko ehun iluna antzeman du.

Lehen notekin batera biak aurrez aurre geratu dira.

Adelak, orduan, alkandorapean sartu ditu eskuak, sujetadoreari eutsi dio, itxuraz, eta atzealdean duen ixteko gakotxoa aurrealdera ekarririk tak askatu du.

Gero, tiranteak diren zingola beltzak antzeman ditu, alkandora erantzi gabe ditietakoa ateratzeko egin duen maniobran besoetan behera etortzen.

Musika isildu den une batean, ezezagun egiten zaion sinfoniaren baten mugimenduen artekoa, Jonen zurrunga hotsak ailegatu zaizkie ozen.

Barre egin dute biek, iusturiak legez urratuz gaua, eta hantxe izan du berriro ohean belauniko jesarrita Adela.

Gerrikora ekarri ditu eskuak eta Onofre ere ausartu da.

Alkandora barrena baino harago joan da.

Onofrek oihal zati haren kanpo-geografia haztatu du, tentuz, eta goialdeko marra estura heldu denean zilotxoa ukitu du, bere praketako botoiak ere askatzen dizkion Adelaren begi-ilentien argipean.

Haietan izarloka baten izarniadura-edo antzemanik, larrua eta ehuna bat egiten diren aldean sartu ditu eskuak.

Beherantz ekarten hasi da emakumearen simetrian, zeren honek prakak eranzten dizkiola eta, berak ere aurrera jo du.

Eta halaxe geratu dira, jesarrita Onofre, bera baino gorago burua eta belauniko Adela, oraindio aldean alkandora.

Askatzeko keinua egin du gizonak, eta keinu berean, eskua zakilera luzatu du emakumeak.

Ukitu eta begiratu gabe hartu du osorik eskuan.

Orduan, ipurdia apur bat jasoz, aurrerantz egin du, leku eginez eta leku bila.